XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Argitalpenak, erakusketak, katalogoak, simposiumak, topaketak (azkenekoak, guk dakigunez, eta gure artean, Donostiako 1. Konbentzioa, 88ko apirilekoa), bata bestearen atzetik datoz gero eta usuago eta egunean baino egunean interes handiagoarekin argazki historiko, dokumental eta testigantzazkoaren inguruan.

Irakurleak orain eskuartean daukan liburu hau bezalakoak, epealdi baten informazio grafiko eshaustibo bat ez badu ematen ere, markatzen ditu behintzat ikerketaren adar desberdinak onuratzeko moduko ereduak eta bideak: hasi teknologiatik eta gizarteraino, antropologiatik eta hirigintzaraino, kulturatik eta politikaraino iritsiz.

Eta noski, beti-beti, gizakiaren interesa eta aurkikundearen edo oroipenaren hunkipena piztuko du denboraren tunel, batzuetan ilun, baina nahitanahiez beti distira eta argitasunean bukatzen den horren bidez.

Aldi hura bizi izan ez dutenentzat, irudi hauek, hainbat orrialde idatzik esan diezaieketena baino gehiago eskainiko diete, seguru asko, errealitate harekin eta bere gertakizun askorekin bertan topo egite bat bezala gertatuz.

Gipuzkoako gizartea atsekabetu zutenetako bat Zumaiako zubian 1942an jazo zen tren-istripua izan zen (87. or.an), Bizkaiko Golkoa astindu zuen erauntsiarengatik, Santanderko parte handi bat ere erraustu zuen sute ikaragarriekin batera gertatu zena.

Soilik liburu honetarako informazioa biltzeko asmoz, Zumaiako Mendaro Etxeko Mª Anjeles Etxabe Goikoetxea Urkia And.arengana jo dugu, izan ere aparteko testigu bat izan zen eta bera gertakari beltz hartan.

Hona hemen bere testigantza: Bilbotik Donostiara zetorren posta-tren bat genuen.

Larunbata zen.

Trena guztiz betea zihoan, Donostiarako itzuleran ziren maisu, Aita Frantziskotar, etab.ez.

Gaueko hamabiak aldera, egiten zuen eguraldiarengatik, atzerapen handiarekin iritsi zen Zumaiara; Zumaiako geltokian irteera eman zioten eta, bide-puska bat egin ondoren, zubian, erori egin zen trena: hiru bagoi uretara joan ziren, eta gainerakoa lubeta batetik behera, makina bera bidean geratuz.

Zaurituak eta hildakoak istripu-lekutik hurbilen zegoen etxera eraman zituzten, Rosendo Etxera alegia, eta Mendaro Etxera eta beste lekuetara ere bai.

Gaua zelako, neketsu egiten zen erreskatea.

Arinki zaurituak eta zaurigabeak, asko, Mendaro etxera joan ziren, beren ahaideei telefonoz deitzeko.

Biharamunean gorputz hilak aurkitu ziren ibaian eta istripu-lekuko inguruetan.

Trenaren gidariak, berriz, gertatutakoarekin erotuta, Artadi mendira ihes egin zuen.

Aita frantziskotarrek, beren aldetik, zaurituei konfesioa hartzen ihardun zuten lubetaren oinetan.

Irudietan agertzen diren beste gertakarietaz ere orrialdeak eta orrialdeak idatz litezke.

Hemeroteketan erregistratua dago, ordea, guzti horren kronika.

Gure berri-emaileari benetan eskertzen diogu bere testigantza.

Eta hori egitean baita ere gure bihotzezko eskerrona beren laguntza adeitasun osoarekin eskaini diguten guztiei.

Liburu honen sarreragile eta adiskide on Javier Aizarna Azula eta Jose Luis Alvarez Enparantzari.

Biotako lehena, Aurrezki-Kutxa Munizipaleko kontseilaria eta hainbat eta hainbat urtez geroztik kultur iharduera anitzetako lankide txeratsua; eta Txillardegi bestea, Kutxaren kultur ekintzako lankidea hau ere, irakasle miretsia, hizkuntzalaria eta euskararen borrokaria.

Eskerrak Gotzon Nazabali, bere aditasun eta eragimen ezagunarekin, gure testuen euskarazko bertsioa ematen asmatu duelako.

Eskerrak, baita ere, ondorengo argazkiotan erretrataturiko pertsona asko zein diren ezagutzen lagundu diguten informatzaileen zerrenda luzeari; liburu honen beraren atariko orrialdeetan ematen dugu horien izen-lerroa.